BILDUMA HIZTEGIA

surrogate gestation (en)

Alorra: SEXUALITATEA ETA UGALKETA



Emakume batek berea den edo ez den obulu baten bidez ernaldutako enbrioia haztea bere sabelean, beste norbaiten eskariz eta kontratu baten arabera, non ezartzen baita haur jaioberria eskatzailearena izango dela, ez erditu den emakumearena.
Erditu ondoren, haurdun egon den emakumeak ez dauka umearekiko lotura legalik, eta eskatzailearen esku utzi behar du. Euskal Herrian eta Europar Batasuneko herrialde gehienetan, haurdunaldi subrogatua ez da legezkoa; legearen arabera, erditu den emakumearena da umea. Beste herrialde batzuetan, ostera, legezkoa da; batzuetan, modu altruistan egindakoa bakarrik, eta beste batzuetan, berriz, baita diru-truke egindakoa ere. Alabaina, arrazoi altruistak aitortzen direnean ere diru-ordaina egoten da normalean, haurdunaldiak ekartzen dizkion eragozpenak nahiz osasun-kostuak ordaintzeko.
Azken urteetan, legediek eta jurisprudentziak nabarmen zorroztu dituzte jardun honen inguruko baldintzak. Norberaren herrialdean legezkoa ez denean, ohikoa izan da haurdunaldi subrogatua baimentzen duen atzerriko herrialde batera jotzea. Alabaina, Euskal Herriari dagokionez, Espainiako eta Frantziako estatuek zorroztu egin dituzte atzerrian haurdunaldi subrogatuz jaiotako haurrak legalki seme-alabatzat aitortzeko bideak; biek ala biek deuseztzat jotzen dituzte kontratuak, eta Espainiako legediak indarkeria erreproduktibotzat jotzen du haurdunaldi subrogatua. Nolanahi ere, atzerrian jaiotako haurren kasuan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziari eta Haurren Eskubideen Konbentzioari jarraituz aztertzen da kasu bakoitza, betiere haurraren goreneko interesari lehentasuna emanez.
Haurdunaldi subrogatuaren gaiak eztabaida politiko eta etiko handia sortu du feminismoaren barruan, ertz ugari dituen errealitatea baita. Eztabaidaren erdigunean daude emakumeen giza eskubideak, gorputzaren autonomia eta haurren zein ama haurdunaren babesa; horrekin batera, bereziki salatzen da nazioarteko merkatuak desberdintasun sozioekonomikoak erabiliz sortzen duen esplotazioa.  Korronte abolizionista nagusien ustez, alokairuko sabelek emakumeen eta haien gorputzen merkantilizazioa eta babesgabetasuna dakarte; ikuspegi transfeminista batzuen ustez, ordea, haurdunaldi subrogatuak familia-eredu tradizionalak zalantzan jartzeko balio dezake, nahiz eta merkatu kapitalistaren arriskuak ere onartzen dituzten. Nolanahi ere, gaur egungo hausnarketa feministen arabera, erantzuna ezin da soilik zigor edo debeku hutsera mugatu; besteak beste, ezinbestekoa da ama haurdunen osasun fisiko eta psikologikoa bermatzea, baita haien babes soziala eta haurren eskubideak ere.


Hiztegi-unitateak